EU ES EN
Visit Us On TwitterVisit Us On FacebookCheck Our Feed

Zure mendekotasun-arazoak kezkatzen bazaitu, edo hurbileko pertsona batenak, eta hura konpondu nahi baduzu, tratamendu-programa aukeratzea izango da hartuko duzun erabakirik garrantzitsuenetakoa.

Mendekotasunetik osatzeko tratamendua bi modalitatetan gauzatu daiteke: anbulatorio edo egoitza modalitateetan. Mendekotasun-tratamenduak ez dira ezinbestean gurea bezalako egoitza batean burutu behar. Lehen aukera gisa intentsitate txikieneko tratamenduarekin, hau da, tratamendu anbulatorioarekin saiatu beharra dago.

Baina, gure esperientziaren arabera, mendekotasun-arazoren bat duten pertsonen %20k beharrezkoa du, tratamendu labur baten edo intentsitate txikiagoko programa baten laguntzaz osatu ez denean, tratamendua egoitza batean sartuz areagotzea.

Kasu horretan, Etorkintza Elkargoko Kortezubiko Mendekotasunen Tratamendu Egoitza aukera egokia da.
Bilbotik 40 km-ra gaude, eta Gernikatik 5 km-ra, Kortezubiko udalerrian, Urdaibaiko Biosfera Erreserba betean. Tratamendu eraginkor eta pertsonarekiko adeitsua eskaintzen dugu, inguru eder eta abegikor batean.

51924041

Tratamendua osatze-prozesu zabalago baten baitan eta aurrekoa baino kontrol handiagoko espazio batean beren tratamendua areagotzeko beharra duten pertsonentzat diseinatuta dago. Kasu jakin batzuetan egoitza-tratamendua ez da gomendagarria, horregatik, egoitzan onartu aurretik, beharrezkoa da beti tratamenduaren egokitasunaren inguruko balorazioa.

Gure tratamendua desintoxikazio hutsetik harago doa. Sei hilabeteren inguruko epean (tratamendu-plan pertsonalizatuak zehaztuta) abstinentzia egonkortzera lagunduko dizugu eta zure bizi-kalitatea eta gizarteratzea hobetzea erraztuko dizuten ohitura eta jokabideak aldatzen lagunduko dizuten tresnak eskainiko dizkizugu.
Gure tratamendua osoa (pertsonari dagozkion alderdi fisiko, psikologiko eta sozialak aintzat hartzen ditu) eta pertsonalizatua da, eta eraginkortasun frogatua duten esku-hartze ereduetan oinarrituta dago.

Lehen pausoa pertsonaren azterketa globala da, non alor ezberdinei (mendekotasuna, psikologikoa, medikoa, familiakoa, ekonomikoa, soziala, legezkoa, etab.) dagokien tratamenduaren beharra zehazten den; horrez gain, gaixoak aldatzeko duen motibazioa ere aztertzen da.

Bigarrenik, hasierako diagnostikoaren ondoren, profesional-talde eta gaixoaren artean banakako tratamendu-plan bat adosten da, epe luzerako asmoak eta epe labur eta ertainerako helburuak jasotzen dituena.

Behin asmoak eta helburuak finkaturik, planak ezarritako helburuak lortzera bideratutako terapia eta hezkuntza mailako jarduerak ere jasotzen ditu: Taldeko Psikoterapiak, Bakarkako Psikoterapiak, Familia Terapiak, Gizarte Trebetasunen Taldeak, Estresaren Kudeaketa, Emozioen Kudeaketa, Berriz Gaixotzea eta Kontsumitzea Saihestea, Bilerak, Hasierako laguntza-taldeak, Ohitzeko laguntza-taldeak, Mindfulness… .

Tratamenduan familiek parte hartzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Arrakastaren zati bat haien partaidetzan datza (familia-talde eta familia-bileretara joatea, gaixoaren ondoan egotea, asteburuetako bisita eta irteeretara joatea).
Hala ere, hura ez da tratamendua burutzeko ezinbesteko baldintza.

Familiarekiko esku-hartzeak familia-sistema ezagutza jakin batzuez hornitzea bilatzen du, mendekotasuna hobeto uler dezaten eta, era berean, beren jarrera eta jokaeretan arazoari eta haren ondorioei hobeto aurre egitea ahalbidetzeko zenbait aldaketa egitea erraztuko dien harreman-dinamikaz jabetu daitezen.

Trond G Hansen portraited in Åre, during the Åre Bike Festival. Photographed in July 2010.

Kortezubiko Mendekotasunen Tratamendu Egoitza urtean 365 egunez zabalik dago, egunean 24 orduz. Bizkaiko Buru Osasun sareko partaide da eta bere 33 oheetatik 26 Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarekin hitzartuak ditu.

Era pribatuan egoitzan onartua izateko aukera ere bada. Horretarako, gaixoaren aldez aurreko azterketa beharrezkoa da, aditu batek egina, gure ezaugarrietako zentro batean sartzea beharrezkotzat jotzen duena. Behin egoitzan sartzeko beharra adostuta, desintoxikazioa beharrezkoa balitz, dena antolatuko genuke.